Gurasoen egungo baldintzak ikusita, garai zailak dira familietan haurrak hezteko, zenbait egoeratan ezin baitiete seme-alaben beharrizan sozial eta afektiboei erantzun. Familiari errua egotzi ordez, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da komunitate guztiaren inplikazioa haur-hezkuntzan. Erreferentzia tradizionalen galera, erlijioa eta familia zabalaren laguntza kasu, beharrezkoa egiten dute familiek eskura ditzaten azken hamarkadetan giza hazkuntzaren inguruan lortutako ezagutza zientifikoak; horrela, modu natural eta ziur batean heldu ahalko diete familiek seme-alaben garapen psikologiko osasuntsua sustatzeko abenturari.
Ikerketak baieztatu dute imitazioak duen estimulatzeko indarra. Neurozientzian burututako azken ikerketek “neurona ispiluak” identifikatu dituzte gaitasun hau garatzeko nahitaezkoa den azpiegitura neurologiko bezala, eta, beraz, haurtzaroko adimen garapena sustatzeko. Imitatzeko gaitasuna bizitza zikloan zehar ezagutza berriak eta trebetasunak eskuratzeko giza gogamenaren malgutasun handiaren isla da.
-
Kontziente izan, nahiz eta zuk nahi ez izan, haientzako eredu zarela eta imitatuko zaituztela. Zure erreferentziaren beharra dute bakarrik hegan egin aurretik. Egunero gauza berriak eskain iezaiezu. Genero berdintasunaren eredua eta giza desberdintasunei errespetua erakutsi. Zure kontzientzia eta jakintza helarazi, haiek haiena eraiki dezaten eta onartu egunen batean joan egingo direla.
Jolasaren praktika, garapen psikologikoa sustatzeko beste gakoetako bat da. Jarduera ludikoak, arriskurik gabeko testuinguru batean esperimentatzen uzten du, eta imitazio bidez eskuratutako ereduak perfekzionatzen; are gehiago, desioak, fantasiak, emozioak eta frustrazioak bideratzen laguntzen du.
-
Sar zaitez haiekin jolasaren paradisuan, eta hegan egin iraganera eta etorkizunera, mugarik gabeko denboran barrena, gauetan zure ipuinak eta fantasiak entzuten dituztenean.
Aitek eta amek malguak behar dute izan, eta seme edo alaba bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar dute, baldintzarik gabeko afektuak Atxikimendu Ziur batera eramango baitu. Atxikimendu ziurra duen haurtxo batek denbora gehiagoz eta amarengandik urrunago arakatzen du ingurua; amarengandik babesa sentitzen du aberasgarria den mundura gerturatzeko eta, beraz, adimen garapena lantzeko. Ziur ez dagoen haurtxoak, “amazuloa” dena herri hizkeran, eragozpenak izango ditu adimena kanpora zabaltzeko, eta gutxiago garatuko du gainera. Horrela egiaztatzen da erakundeetan hazitako eta atxikimendu egonkor bat garatzeko aukera gutxiago duten haurtxoen adimen-atzerapenean.
-
Seme-alabak baldintzarik gabe onartu, zure presentziak haien bizitza abenturan presente izatea lor ezazu, ziur sentitu daitezen eskaintzen diozun egonkortasunetik mundua arakatu ahal izateko. Gogoratu, zuk eskaintzen diezun egonkortasuna haiek izango duten segurtasuna izango dela.
Familian ematen den emozioen adierazpena eta haien erregulazioa funtsezkoak izango dira haurren heldutasun emozionalean eta gizartera egokitzeko gaitasunak lantzeko orduan.
-
Zure emozioak adierazi, beraienak adierazten utzi eta haiei buruz hitz egin ulertu ahal izateko. Horrela, beraien burua ezagutuko dute, zu hobeto ezagutuko zaituzte eta bestekin harremanetan maisutasunez jokatuko dute.
Baldintzarik gabeko afektuak eta adierazpen emozionalak bestearen ikuspuntuan jartzen laguntzen dute. Aitek eta amek sustatu beharko dute gaitasun hori egunerokoan.
-
Txikitatik erakuts iezaiozu besteen desioak, sinesmenak, asmoak eta emozioak ulertzen eta baloratzen. Horrek adimen malguagoa eta indartsuagoa izaten lagunduko die.
Diziplina demokratikoaren praktika beste oinarrizko gako bat da: arau eta indukzioan oinarritutako exijentzian (arauen azalpen arrazoituan) eta afektu eta baldintzarik gabeko onarpenaren gain sortzen da.
-
Ez izan beldurrik errespetuz exijitzeko. Azaldu seme-alabei haien konpromisoak eta ahaleginak ondare baliotsua direla komunitatearentzat; ez dago besteentzat baliagarri sentitzea baino identitate hoberik.
Autoestimua indartzea ezinbesteko praktika bat da; seme-alabek beraien burua baloratzen dute aitek eta amek aurrez aurre jartzen diegun ispiluaren arabera. Nerabezaroan ere gauza bera gertatzen da, gugandik urruntzen direla soilik hautematen dugun arren. Autoestimu on batek munduan barrena proiektu pertsonalak zabaltzen laguntzen du.
-
Ez egin laudorio errazik, autoestimua sustatu eguneroko ahalegina balioetsiz eta besteenganako duten erantzukizunean.
Exijentziaren praktika txerto psikologiko baten modukoa da: gurasoek ez badute seme-alabek zailtasun txikiei aurre egiteko aukera oztopatzen, haien defentsak garatzeko eta bizitzan zehar arazoak ebazteko baliabideak eskainiko dizkiete. Exijentzia portaeraren mugak ezartzean zehazten da umeak txikiak direnetik. Soilik lortuko dute maila barneko autokontrola, aurretiaz, kanpoko testuinguruak mugak ezarri eta errespetuz betetzen irakatsi badie. Horrela ematen zaio hasiera hezkuntza eta prebentzio ekintzari. Honako hau gakoa izango da egokitzen ez diren jokabide anitzak prebenitzeko, hau da, subjektua bere bulkadak kontrolatzeko gai izatera heltzeko; besteak beste, aipa daitezke jokabide erasokorra, delituzkoa eta sustantzien kontsumoa.
-
Anduien zaintzan aspaldi erabilitako baliabideak erabili: ez iezaiozu urik oparitu eta behartu sustraitzera ura lortzeko.
Aitaren edo erreferentziazkoa den bigarren irudiaren inplikazio aktiboak haur-hazkuntzan eta etxeko bizitzan babes faktore bat dela berretsi dute ikerketa anitzek, nerabezaroan eta helduaroan patologia eta portaera arazoak garatzeko arrisku faktorearen aurrean.
-
Hartu denbora bat egunero aita izateko, zure presentzia zure seme-alaben eguneroko bizian aurresangarria izateko. Momentu txikienek ere eragin handi izan dezakete haien oroimenean.
Helduen arteko gatazka negatiboarekiko esposizioa saihestea gurasotasuna edo hazkuntza onaren beste irizpide bat da. Ona da seme-alabak gure desadostasunekin bizitzea eta ikustea, bat ez etorri arren, errespetua nagusitzen dela; ordea, ez dituzte gurasoen arteko irainik, deskalifikaziorik, erasorik edo errespetu faltarik ikusi behar. Adierazpide hauek barneko zatiketa gisa bizituko dituzte, eta segurtasun pertsonal mehatxu gisa hautemango dituzte; zenbaitetan erru sentimenduarekin bizi ditzakete. Horrez gain, xantaia emozionala saihestu behar da, baita eztabaida batean inoren alde jartzeko saiakera ere.
-
Zure etxea zibilizazio eskola eta giza eskubideen errespetuan oinarritzen den etxe bihurtu. Seme-alabei neurriz gaindiko lekukotasuna utziko diezu.
Familia zabalarekin ezartzen diren harreman egonkorrak garapen psikologiko osasuntsu baterako nahitaezko beste babes-faktore bat dira.
-
Utziezu seme-alabei helduen jakinduriatik edaten, amona eta aitonaren jakinduriatik; sentiarazi esaiezu izeko, lehengusu eta bestelako senideak arrisku orotako segurua direla ia-ia ezbeharretan. Harreman horiek ardo onaren antzera zaindu itzazu.
Ordezko zaintzaren kalitatea beste babes-faktore bat ere bada; haurtxoaren beharrei dagokienez egonkorra eta sentibera behar du izan.
-
Egia da ez dituzuela zuen seme-alabak edozeinekin utzi behar. Aukeratu zuhurtziaz lan hori burutuko duen pertsona, eta elkarlanean aritu harekin.
Seme-alaben harreman sozialak sustatzea gurasoek egin behar duten beste hezkuntza ahalegin bat da. Sozialki konpetenteagoak izango dira, eta haien bilakaera une berean dauden haurrek dituzten beste perspektiba eta esperientziez onura aterako dute.
-
Jesarri zaitez plazan seme-alabek plaza izan dezaten.
Eskolarekin harremana izan. Gaur, inoiz baino gehiago, eskolak eta familiak hezkuntza helburuak partekatzen dituzte. Garrantzitsua da seme-alabek lotura eta koherentzia hautematea leku batean zein bestean, esan eta egiten denaren artean.
-
Gure haurrak eta nerabeak ez daitezela etxetik eskolarako bidean galdu, bi tokietako ezeinetan eskaintzen ez dizkieten erantzunen bila.